XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakasle horren ustez, bakoizketa ez da irakaskuntzan ideia berria, baina ez da sarri-sarri ikusten hizkuntz irakaskuntzan (Smith, 1971,149 or.).

Smith-en ikasleak nahi zutenean bakarrik joaten ziren ikasgelara eta, bestalde, irakaskuntza ohizkoa zelarik, ezin zitzaion bakoitzari behar zuen ikasmoldea eskaini.

Gauzak horrela, zera bururatu zitzaion: ikaskuntz giro berezi bat sortzea, edozeinek, nolanahiko xedeak edo gaitasuna zuelarik ere, arrakastaz ikasi ahal izateko modukoa.

Giro hori ez zen direktiboa izango eta ikasleak izango ziren nahi zuten ikaskuntzaren erantzule.

Smith-ek bakoiztutako materialak eman bazizkien ere, ez zen aurrez ezarritako kurrikulumik.

Ikasleak beren martxan arituko ziren, beren esku zituzten materialez baliatuz edo xede-hizkuntza erabiltzera bultzatuko zituzten ekintzak burutuz.

Eztabaidarako taldeak moldatu eta hizkuntza ikasi eta erabiltzeko arauak ezartzeko gauza izan ziren ikasleak.

Smith-ek dioenez, programa honek ikasleen motibazioa sakondu egin zuen eta gehiago ikasi zuten.

Hauxe zen, aldez behintzat, arrakastaren arrazoia: Ikaskuntzaren erantzunkizuna irakasleetatik ikasleetara pasatu zela eta materialak egoera horretarako egokitu zirela (Smith, 1971, 151. or.).

Irakaslearen zeregina ez zen irakastea izan, baizik eta galderei erantzutea, oharrak ematea, gainbegiratzea eta ikastea ahalbidera zitzaketen materialak eman eta giroa moldatzea.

Nelson-ek, kasu honetan, nor bere erritmoan aritzeko moduan gauzak bakoizten saiatzearen garrantzia ikusten du, baina Andragogiak derrigorrez bere-berea duen elementu bat falta dela dio: ikasle eta irakasleen artean planifikatu eta helburuak mugatzea.

Benetan liluratzen gaitu Smith-ek egindakoak.

Nola buru dezake lagun bat bakarrak hainbesteko lana?.

Baina aldi berean galdera batzu ere egin daitezke.

Prozesu osoa hurbiletik jarraitu ezean ez da erraza esperientziaren arrakasta onartzea.

Edozein ikasle, edozein hizkuntz mailakoa izanik ere, al da gauza horrelako prozesu batera egokitzeko?.

Bada gaurregun hizkuntz irakaskuntzako metodologian joera asko zabaldutako bat: ikasleari ahalik eta partaidetzarik handiena ematekoa alegia, hasieran egoera kontrolatuetan ikasi den xede-hizkuntza gero eta gehiago erabil dezaten gutxiago kontrolatutako egoeretan.

Legezkoa denez, hizkuntz sistema bereganatzen ari den heinean, ikaslea lan askeagoa egiteko eta bere xede bereziekin loturik dauden erabakiak hartzeko gauza izango da.

Lehen esan dugun bezala, ikaskuntza bakoiztuaren zernolakoa aztertzerakoan, hizkuntz ikaskuntzaren prozesuak beste ikaskuntzaren ez bezalako ezaugarriak ditu.

Smith-ena bezalako programak bestelakoek baino arrakasta handiagoa al du?.

Emaitzak azkarrago eskuratzen al dira?.

Zer eta nolako eragina du denborak?.

Orain arteko programen mugak Andragogiaren ikuspegitik

Nelson-en ustez, orain arteko programek Smith-ena salbu ez diote Andragogiaren alderdi bati jaramonik egiten: ikaskuntz programako alderdi guztietan ikaslearen partaidetzak duen garrantziari, hain zuzen ere (Nelson, 1979,61. or.).

Artikulu honetan adierazi dudanez, ez du horrek zertan horrela izanik.

Programa horietan izan dezake partaidetza galanta ikasle helduak; eta garrantzi handia du honek, ikaslea ahal duenik gehien saiatzea nahi bada.

Azkenik, ez al da arriskutsua hizkuntz irakaskuntzan sistema zeharo andragogikoa aipatzea eta honako edo harako hura andragogikoa ez dela esatea?.

Zilegi da programa bat ikaskuntzaren kontzepzio andragogikoaren barnean dagoela pentsatzea, baldin eta, ikasle-irakasleen artean moldatua izaki, helduaren beharrei erantzun eta gaitasunen barruan lanean aritzeko bideak ematen badizkio.